Txakolinaren ganeko sarrerea
Euskal Herriaren historia bezain zaharra da Txakolina. Bizkaian eta Euskal Herriko beste hainbat lekutan ekoizten dan ardao mehe, gazte eta fruitu kutsuko hau ardaogintzako metodorik modernoenen eta mahastigintzako tradizinoaren arteko alkarketaren ondorioa da.
Mahastiak Kantauri itsasotik gertuen dagozan mendi-mazeletan dagoz, hesi naturalek ipar-sartaldeko haize hotzetatik babesten dabe. Mahats mordoak egokiro helduten dira udazkenaren hasieran heltzen dan hego-haizeagaz.
Mendeetako historia
Baserrietan mendeetan zehar egina, gizaldirik gizaldi igaroten ziran sekretuak beragaz daukazala, txakolina euskal kulturearen beste emoitza bat da, hortik bere ospe edo izen handi hori.
Beraren sustraiak Bizkaiaren oroimenean galtzen dira. Lehenengo aitamen idatziak XIII. mendekoak dira. Lekeitio edo Portugaleteko Ordenantzak moduko testu zaharretan gizartean aurkeztua izan zan. Portugaletekoek ontziei galarazoten eutseen edonongo ardaoaren zamea bertan arintzea, beti be Portugaleteko beste horrenbesteko txakolin kantitate eroaten ez baeben trukean. Lekeitiokoek ekoizleak zergetatik libre ixten ebezan mahats-landareak sareetan igoteagaitik.
Mahastiak Bizkaia guztian zabaltzen joan ziran, eta oso herrikoi bihurtu ziran. Hainbesteragino zabaldu zan, ze txakolinak ardao gazte eta freskoa ez eze tokiak adierazoteko funtzinoa be bereganatu eban. Toki horreetan euskaldunek botila batzuen inguruan euren gauzen ganean eztabaidatzen eben, posturarik harrigarrienak asmatzen ebezan, edo eguneroko lana amaituta ondo merezitako atsedena hartzen eben.
Mahastien eta Txakolinaren desagerpena ia ekarri eban krisi haundi baten ostean, 1980 aldera protagonismoa berreskuratzen dau, haize barriak datoz. Txakolina ardao kontzeptu moduan ulertzen hasten da, ekoizpen lekuak upeltegi moduan eta azken produktua kalitate handiko ardaoen munduan leku bat euki daikeen ardao berezi baten moduan.
Txakolinaren Lurra
Bizkaia Euskal Herriko mendebaldean eta Iberiar Penintsularen Iparraldean dagoen lurralde txiki bat da. Uriburuak, Bilbok, industrigintzako uri handien ezaugarriak daukaz, inguruetako paisaia berdearekin kontrastea eginez. Marinel eta aurkitzaileen lurra, Bizkaiko historia itsasoari lotua dago. Bizkaiko Golko kementsua ez da inoiz muga izan, luzapena baino.
Bizkaia aberatsa da herri kulturan guztiz zuztartuta dagozan tradizinoetan. Antxinako folklore agerpenetatik bertoko kiroletara. Pelotari emoten deutson pelotariarena euskal argazkirik zabalduena da.
Bizkaiaren ikurra Gernikako Arbola da, herri honetako haretx zahar bat, egunetik egunera barritzen dan iraganaren adierazpen harroa.
Horrelakoxea da Bizkaia. Txakolinaren lurra. Gure lurra.
Horrelaxe egiten da
Mahatsondoa
Bizkaiko geografiak, lurrak eta eguraldiaren berezitasunak garrantzi handiko eragileak dira txakolinaren ekoizpenean, lursaila izanik mahatsari berezitasuna emoten deutsona.
Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Izenaren Kontseilu Arautzaileak onartutako mahats motak honakoak dira:
- Ondarrabi Zuri
- Ondarrabi Beltza
- Munematsa
Bertako klimatologiara eta bizkaiko lurren ezaugarri mineraletara ohituta dagozan bertako mahats motak.
Mahats-batuketea
Mahats mordoak, Kantauriko haizeen altzoan (Kantauri itsasoko haize leunak kulunkatuta), hazietan eguzkiaren izpi guztiak gordez, heldu eta euren zukua gozotzen doaz. Bizkaiko uda epelak ikusten dauz mahatsondoak egunez egun mahatsaren pisuaren ondorioz besoak beheratzen. Soloko jaubearen begiradapean, mahats haziak kolore garden hori bereganatzen doaz, mahats bilketearen sasoia heldu dan seinale.
Biltzaileak mahats kordarik onenak aukeratu eta kaxa txikietan biltzen dauz mahatsa upeltegira osorik heldu dadin. Udagoienean gagoz.
Ardandegia
Behin txakolindegira eroanda, mahatsa xehetu eta mustua egiten da. Deskantsu egun batzuk nahiko dira irakiten hasteko eta, aztikeria balitz lez, ardao bihurtzen da. Zukuagaz Kontseilu Arautzaileak kontrolaturiko ardaogintzako hainbat praktika egiten da, ezaugarriak finkatzeko eta Bizkaiko Txakolinaren berezitasun aldaezinak ziurtatzeko.
Hilabeteetan txakolinak upeltegiko ametsean egingo dau lo goxoa, eta udabarrian itzartuko da loaldi labur horretatik dastatua izateko. Kontseilu Arautzaileak erabagiko dau froga analitiko eta organoleptikoen bitartez, ardaoak jatorrizkoaren izena merezi dauan ala ez. Ahalegin guztiek eta itxaronaldiak merezi izan dabe. Txakolin barriaren alde topa egiteko unea heldu da.
Txakolina
Emoitza ardoa freskoa eta mehea da, aho sapaian atsegina eta burbuila finak daukazana.
Zuria, baltza edo gorria (herrian, "oilarraren begia"). Halanda be, gaur egun mota ezagunena zuria da. Baltzaren ekoizpena, txikia bada be, Bakioko upeltegien nortasunaren ezaugarria izan da eta oraindik be bada.
Nortasun handia, garrastasun gustagarria eta berezia egiten daben lurrin multzoa daukan ardaoa da.
Guillermo de Humbolt-ek, 1801ean, Rhin eta Moselako ardaoakaz parekatu eban, eta lehenago, 1782an, Willian Bowles-ek zera idatzi eban, Bizkaian Frontignan-eko galiarrak baizen zuku onak eta gozoak egozala.
Zelan dastatu eta gozatu txakolina. Txakolina zerbitzatzeko modua
Txakolina zerbitzatzeko modua garrantzi handikoa da, ardao honen kalidadeaz fase guztietan gozatu ahal izateko; halantxe ikusi ahal izango da zein dan txakolinaren itxura, kolorea eta distira, bai eta usainak nahiz agoan ixten dauzan sentsazinoak be.
Beraz eta hurrenkera logiko bateri jarraituz, lehenengo eta behin txakolina kopea baten zerbitzatu beharko da; ahal dala, kopea zabala izango da eta goiko aldean apur bat itxia. Modu horretan, usainak batu ahal izango dira. Ganera, kristala fina eta gardena izatea komeni da, kolorea eta distira ondo ikusi ahal izateko.
Txakolina zerbitzatzeko tenperaturea guztiz garrantzitsua da; izan be, 7 gradutik beheragoko tenperaturetan, ez dira usain lurrunkorrak sumatzen eta, 10 gradutik gora, sentsazino alkoholikoa oso agirian dago. Dana dala, mahats baltzaz egindako txakolin baltza 12tik 14 gradura bitartean zerbitzatu behar da eta gorrixkea apur bat freskoago, beti be patsak ixten dauzan eta ardaoari sendotasuna emoten deutsozan ikutuak hobeto dastatzeko. Tenperaturea lar hotza balitz, mahats baltzaren taninoak larregi sumatuko litzatekez.
Bakioko Upelategiak eta bere txakolinak
Bakion lau upeletegi daude Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturara adsbribatuak:
ABIO
Basigo, 11
946 194 345
Txakolin zuria: Urregorri koloreko beilegi argia, anpulu dotorea sortarazoten dauena. Ez dauka burbuilarik. Bizitasun oneko usainak, fruta gustukoak, esate baterako sagarraren eta mihiluaren zaporea gogora ekarten deuskuenak. Agoan freskoa eta atsegina da, garraztasun bizikoa, neurriko iraupena eta amaiera sikua daukaz; hemen be usaintze fasean igarritako kalidadeko ezaugarriak agiri dira.
Txakolin baltza eta gorria.
ZABALA
Basigo, 10
946 194 271
Txakolin zuria: Beilegi argi eta distiratsua, erreflexu berdeak daukazana, garbia. Glizerikoa eta burbuilarik bakoa. Usain garbia eta bizia; fruta zitrikoen ikutua dauka eta limoiondoa ekarten deusku gogora; ganera, menta ikutuak be sumatzen dira. Agoan freskoa eta atsegina da; garraztasun kutsu txiki bat dauka eta amaieran zitrikoen sentsazinoak nagusitzen dira.
Txakolin baltza eta gorria.
DONIENE GORRONDONA TXAKOLINA
Bentalde auzoa, 10
48130 Bakio
www.donienegorrondona.com
gorrondona@donienegorrondona.com
Tel: 946 194 795
Faxa: 646 195 831
Inguruetako betiko baserri batean dago kokatuta. 1996tik lau gaztek txakoli modernoaren kontzeptua barrizten eta garatzen dabe, oinarri moduan bertako motak , mahasti zaharrak, ingurumenarekin adeitsua dan mahastigintza eta teknologi barriak hartuz. 2002tik aurrera bere txakolinen aukera osotzen dabe uxualagaz.
Doniene
Txakolin zuria. Ondarrabi zuria 100%. Mahats-biltze aukeratuko mahatsekin egindakoa. Altzairu herdoilgaitzeko tangetan tenperatura kontrolatuagaz irakiten dan lore-mustua. Ardao hau hondar eta guzti ondu da. Hotzagaz egonkortua.
Gorrondona
Txakolin zuria. Ondarrabi zuria70%, Munematsa 25% eta Ondarrabi baltza 5%. Altzairu herdoilgaitzeko tangetan irakinda tenperatura kontrolatuagaz. Hotzagaz egonkortua.
Doniene. upelean irakina
Txakolin zuria. Ondarrabi zuria 100%. Haretx frantses eta hugariarragaz egindako upel barrietan irakina.
Gorrondona Baltza
Txakolin baltza. Ondarrabi baltza 100%. Mahats-biltze aukeratua. Edur karbonikoagaz krioberatua. Irakitze alkoholikoa altzairu herdoilgaitzeko tangetan. Abenduaren hasieran irakitze maolaktikoa. Hotzagaz egonkortua.
Doniene. Uxuala
Ondarrabi zuri eta Ondarrabi baltzaren uxuala, ohizko zan lez kobrezko alanbikeetan deistilatua.
Doniene. Bedar-pattar
Ondarrabi zuri eta Ondarrabi baltzaren uxuala, ohizko zan lez kobrezko alanbikeetan deistilatua. Upeletegiak aukeratutako hamar usain-belarregaz beratua.
"ADOS" Txakolina
BASARTE BASERRIA: Urkitzaurrealde, 4
605 026 115
basarte@basarte.net
http://www.basarte.net/
Prestaketa naturala, EKOIZPEN INTEGRATUAN egiaztatutako Bakioko Basarte orubeko mahatsakaz.
Txakolinarentzako mahatsaren 1. egiaztagiria. Ibilbide luze baten sinisgarritasunaren emoitza. Mahats mota: %100, Hondarrabi Zuri.
OHARRA: Informazino honen zati bat "Lo último-Azkena" argibide gidatik atarata dago; gida hori Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Izenaren Kontseilu Arautzaileak argitaratu dau.