Bakioko club Kiroleta
kluba 1955ean sortu zan sozioei alkartzeko eta denpora-pasarako tokia eskaintzeko. Holan, bai sozioen artean bai Bakioko herriagaz eta Bakioko herriarentzat adiskidetasun eta alkarbizitza hartu-emon egokia egon eiten ezinbesteko eta beharrezkotzat joten ziran gizarte- eta kirol- arloko jarduerak egin ahal izango ziran toki horretan.
Luzaroan, Club Kiroletak nahikoa izan eban errentan eukan lokal txiki bategaz (gaur egun ofizinak dagoz bertan, Bideondo eraikinean). Lokal horretan, batez be kultur eta olgeta-jarduerak egiten ebezan udan Bakiora etorten ziran familiek.
1970ean gaur egun Klubak hartzen dauzan lursailen lehenengo zatia erosi zan eta bertan eraikin txiki bat eta tenis-pista 2 egiten hasi zan; obra horreek 1974an amaitu ziran. Handik hamar urtera ugerlekua egin zan eta 1987an, barriz, areto-futbolean eta eskubaloian jokatzeko balio dauan pistea amaituta egoan.
2002. urtean kirol-instalazinoak goitik behera barriztau doguz: tenis-pista bien azalerea orain “Green Set” da (ATPko ofiziala) eta padelean jokatzeko pista bi egin doguz; pista horreek guztiak gauez argituta egoten dira. Ikastaroak (4 urtetik gorakoentzat), eskola partikularrak, alkarteen txapelketak eta umeentzako tenis-pista txiki bat dagoz. Erraketan eta saskibaloian egiteko frontoia be eregi dogu. Aldagelak, lorategia eta solariuma be badaukaguz.
Horrezaz ganera, Klubak 100 pertsona baino gehiagorentzako lekua dauken aretoak, jatetxea eta tabernea daukaz (eta tapautako terraza handian beste 200 pertsona sartzen dira); dantzaldiak eta jaialdiak egiteko tapautako patioa be badauka. Ganera, egunero emoten doguz bazkariak, eta asteburuetan afari bereziak egoten dira; bataio, jaunartze, ezkontza eta familia edo lagunarteko batzarrak be hartzen doguz eta enkarguak be beteten dira.
40 m²-ko baserria daukagu eta bertan gazteek leidu, telebistea ikusi edo trankil-trankil olgau daikie. Baserriak tapautako patio handia dauka eta patio horretan ping-pongean eta mahai-futbolean egiteko lau mahai dagoz. Umeek Umeentzako Kluba daukie 40 m²-ko “etxetxu” baten. Etxe horrek 50 m²-ko atarte zabala eta hainbat joko (eraztunak, txirristak, eskailerak, etab.) daukaz. Danetara 300 m²-tik gora pertsona aditu eta arduratsuen begirada eta ardurapean dagozan umeentzat.
Jarduerak
Kiroleta Tenis Opena –Bakioko Udala Saria
Txapelketak: tenisa, padela, igeriketea, karta-jokoa, etab.
Ikastaroak: igeriketea, tenisa, padela (taldeka eta banan-banan).
Umeentzako jaiak eta dantzaldiak (txokolatadak, mozorroak, karaokea).
Labur esanda, 10.000 m² baino gehiago Bakioko inguru pribilegiau baten, hondartzearen eta Bentako aparkalekuaren ondoan.
Sozioak
1.200 pertsona baino gehiagorentzako lekua daukagu.
Sozio izateko nahikoa da sarrera-kuotea behin pagetea; halanda be, kuota hori pageteak ez dau jabetza-eskubiderik emoten.
Kluba urte osoan dago zabalik eta gura dauanak urte osoan erabili leike.
Klubaren aurrekontua 140.000,00 eurokoa da eta sozioek urtean egiten dabezan ekarpenakaz finantzetan da oso-osorik.
Beharginak
- Ostalaritzea (5): sukaldaria, laguntzaile-garbitzailea, barrako arduraduna eta 2 zerbitzari.
- Administrazinoa (1): Josefina Ibinaga Garai.
Zuzendaritza-batzordea
Lehendakaria: Pedro Rodríguez Vidarte
Lehendakariordea: Juan Ferrandez Barturen
Idazkaria: Pedro Urquidi Astondoa
Mahaikideak: Ane Anitua Arteche Iñaki San-Millan Diaz de Corcuera, Ignacio Areces Aguirrezabal