Eraikina Tabernalden eraikitzea aurreikusita dago, herriko frontoi zaharraren ondoan. Eraikin barria eginda, ingurua lehengoratzeko eta berregituratzeko aprobetxauko dira lanak. Hala, frontoiaren aurrean dagoan ingurua oinezkoentzako gune bihurtuko da; estalitako pergolak izango dauz, eta horreei hainbat erabilera emongo jakez. Ganera, Estepona errekearen ganean oinezkoentzako pasagunea eraikitzea aurreikusita dago. Pasagune horrek futbol-zelaia, probaleku zaharra eta Solozarra kiroldegia lotuko dauz.
Eraikin barriak "txakolindegi" bat edo txakolina saltzeko gune bat izango dau; 2.644 metro koadroko eraikitako azalerea izango da, hiru solairutan bananduta. Beheko solairuan sarrera nagusia, informazio-gunea eta aldi baterako erakusketa gelea izango dira. Goiko bi solairuetan honako honeek izango dira: erakusketa iraunkorretarako eta emanaldietarako aretoak, batzargelak, komunak eta bestelako zerbitzuak.
"Txakolindegia" maila bitan banandua egongo da. Behekoan harrera, dastalekua, sukaldeak eta jatetxearen gune bat izango dira. Goiko solairuak, barriz, jatetxea hartuko dau.
Proiektu honi aurre egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak 180.000 euro emon dauz eta Bizkaiko Foru Aldundiak 200.000 euro. Era berean, milioi bat euroko diru-laguntzea eskatu jako Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioari. 2009. urtean proiektua errealitatea izatea gura geunke.
Txakolingunea eraikita, Bakioko udalerriak ardo horregaz izan dauen loturea sendotzen dau. “Bizkaiko Txakolina” jatorri-deiturea daukien hiru upategi dagoz egun Bakion (Abio, Zabala eta Gorrondona), eta urtean 100.000 litro baino gehiago produzitzen dabez. Ganera, herrira eta inguruetara turistak erakarteko gune bihurtuko da museoa.
Herri Barriak aldizkarian argitaratutako barria (2007ko maiatza).